Transfeminismoa. Feminismoa gainditu eta harago egiteko?
Feminismoa
 berritzeko proposamen bat da, bere erradikaltasunean eta 
potentzialtasunean garatzeko. Aliantzak berritzea da xedea; indarrak 
batu nahi ditu, ez soilik matxismoari aurre egiteko, baizik eta baita 
transfobiari, arrazismoari eta gizarteko beste hainbat zapalkuntza 
sistemari ere. Lesbianen aldarria ere indartsua da transfeminismoan; 
hautu sexual bat baino gehiago, hautu politiko baten moduan ulertzen 
dugu.
Gizonen eta emakumeen arteko bereizketa ere auzitan 
jartzen duzue. Alegia, genero arteko muga lausoagoen aldeko aldarria 
egiten duzue...
Genero determinismoa, binarismoa bera bortxa 
modu bat dela diogu. Ororen gainetik gu guztiok andre edo gizon gisara 
izendatzeko obsesio hori guztiok hobeto zapaltzeko modu bat iruditzen 
zaigu. Transfeminismoan emakumeak daude, gizonak daude, eta gizon edo 
emakume hain modu argian sentitzen ez diren pertsonak ere bai. 
Zertan lagun dezake transfeminismoaren ikuspegiak genero indarkeriaren aurka egiten? 
Bortxa
 matxista egiturazkoa modu zabalagoan ulertzea nahi dugu. Egun 
indarkeria matxista instituzionalizatuta dagoen era oso modu interesatua
 da, oso  zitala; bortxa horrek soilik bikote harreman heterosexual 
baten barruan dauden andreei eragiten diela dirudi. Transfeminismoak 
hori modu zabalagoan ikustea ekar dezake. 
Genero indarkeria 
ikusteko modu hertsi horren adibide argitzat jartzen duzu Nagore Laffage
 emakume gaztearen hilketa eta gertaera hura epaitzeko auzibidea...
Zapaterok
 horrenbeste goratzen duen legea ez zen baliagarria izan Nagore 
Laffagerentzat, zer eta ez zelako bere hiltzailearen bikotekidea. 
Epaiketan, azkenean, emakumea epaitu zuten. Behin eta berriz egin zuten 
honako galdera hau: 'Zergatik igo zen erasotzailearen etxera?'. Argi 
uzten du horrek emakumeok, sexuari dagokionez, salbuespen egoera batean 
bizi garela. Auzi horrek utzi duen zauriak argi uzten du puten inguruko 
estigma emakume guztion gainean dagoela; patriarkatuak putafobia 
darabil gu gure artean bereizteko, eta guk bortxa jasateko eta 
indarkeria hori merezi dugula ere sinetsarazteko. Horrek emakume guztioi
 eragiten digu.
Bortxa matxistaren aurka emakumeek ere indarkeria erabiltzea zilegitzat hartzen duzue?
Jardunaldietan
 Josebe Iturriotzek esan du emakumeoi kendu egin digutela animalia garen
 neurrian defendatzeko dugun eskubidea ere... Oso interesgarria da hori.
 Gizonak, heterosexualak eta boteretsuak ez garen guztiok sozializatu 
egiten gaituzte indarkeriaren bitartez, eta geure tokian jartzen 
gaituzte, bigarren mailako leku batean, eta indarkeria matxistak 
zelatatuta bizi gara. Hor oso interesgarria da paradigma aldaketa bat 
proposatzea, eta guk ere indarkeria erabil dezakegula aldarrikatzea. 
Adibide bat jarriko dut: garai batean feministok jai asko egiten 
genituen gizonei sartzea galarazita; egun, ja ez dugu horrelako 
debekurik egiten. Medeak-ekoek, adibidez, ja ez dute jartzen txarteltxo 
bat esanez jai horretan ez dela eraso matxistarik onartzen. Harago egin 
dute: 'Kontuz, eremu feministan ari zara sartzen', diote. Abisu bat da: 
'Zatoz, baina adi ibili'. Aldaketa paradigmatiko hori proposamen 
transfeminista bat da. Ni biziki kezkatzen nau gaiak: geure burua 
defendatzeko hautua modu irmoan hartzen badugu, kriminalizazio izugarria
 jasango dugu. 
Nola lot daiteke zuen borroka feminismo klasikoarekin?
Ni
 ere feminista klasiko bat naiz, eta bide horretatik nator. Elkarrizketa
 bat badago hor, eta ezinbestekoa da. Elkarrekin goaz bidean, eta 
elkarren osagarri gara. Feminismoa plurala da sortzetik, eta elkarrekin 
nola egin asmatu behar dugu.
Lesbofobiaz zabal jardun duzue...
Ikusgarri
 izaten hasi garen unetik, indarkeria jasan dugu. Gauzak erruz aldatu 
dira, ukaezina da hori, beti biktimaren rolean agertzeak ez digu 
laguntzen. Baina kalean lesbiana gisara azaltzen hasten garenean usu 
indarkeria jasaten dugu... Ez gaituzte onartzen. Ez gizonek bakarrik, 
emakume askok ere ez gaituzte onartzen. Ezinegona eragiten die gure 
presentziak, haiek onartu dutena guk ez dugula ontzat jo ikusteak.