Oraindik ere, gizarte heterosexista honetan, heterosexuala izatea “normala” da, eta gay eta lesbianok, aldiz, egunero armairutik atera behar dugu
Otsailaren 14an Ellen Page aktoresak (Juno, Hard Candy, Origen...)
 LGTB (Lesbiana, Gay, Bisexual, Transexual) gazteen ekitaldian hitzaldi 
aparta eman zuen eta, bukaeran, urduri eta hunkituta, bera ere 
homosexuala dela esan zuen. Etengabe ezkutatzeaz nekatuta dagoela, eta 
horrek sufrimendua eragin diola urteetan. Bere hitzaldia momentuan 
albiste bilakatu da, eta Pikarako sare sozialetan partekatzerakoan irakurritako bi erreakzioen inguruan idatzi nahi dut.
 Lehenengoa (halako komentario ugari jaso ditugu): “Tamalgarria da 
oraindik ere sexu orientazioa albiste izatea. Espero dut urte batzuk 
barru ‘marrubizko izozkiak gustukoak ditut’ informazioak bezain beste 
oihartzun izatea”. Bigarrena (komentario isolatua, baina oso haserretu 
nauena): “Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan armairutik ateratzea 
ez da arazoa. Irak-en egin proba”.
Ellen Pageren diskurtsoa albiste da, eta albiste garrantzitsua gainera.
 Sexu orientazioa ez da zaletasun pribatua, identitate eta bizimodua 
baizik. Heterosexuala bazara, pentsa: zure sexu orientazioa dela eta 
noizbait beldurra sentitu al duzu? Diskriminazio edo bazterkeriarik bizi
 izan al duzu? Zure bikotea aipatzeko orduan adorea behar al duzu? 
Azalpenik edo justifikaziorik eman behar duzu, edota “zein ondo, ni 
heteroekin oso tolerantea naiz” bezalako komentarioei erantzun?
Oraindik ere, gizarte heterosexista honetan, heterosexuala izatea 
“normala” da, eta gay eta lesbianok, aldiz, egunero armairutik atera 
behar dugu. Heterosexualak ez garela argitzeko beharra sentitzen dugun 
unero, ezinegona sentitzen dugu. Baina badirudi eskerrak eman behar 
ditugula, Irak-en baino askatasun handiagoa dugulako.
Emakume zarenean, badakizu edozein momentutan, gutxien espero duzunean,
 kalean zein lan esparruan nahiz taberna batean, jarrera edo eraso 
matxista bati aurre egiteko arriskuan zaudela. Gauza berbera gertatzen 
da lesbiana (edo gay, edo trans) izatearekin: badakigu edozein 
momentutan lesbofobiarekin topo egingo dugula. Europan eta Estatu 
Batuetan ez gaituzte kartzelaratzen, ez dute gure maitatzeko eta 
desiratzeko era delitu bihurtzen, baina baztertuak izatearen beldurra 
sentitzen dugu.
Eta ez da paranoia. Eskoletan jazarpen homofobo eta lesbofobo bortitza 
bizi dute genero rol tradizionala apurtzen duten haur eta gazteek. 
Bikotearekin lan afari batera joatea normala da; bikotea gure sexu 
berekoa baldin bada, enpresa gehienetan ausarta izango da. Eta familia 
gehienetan, ageriko homofobia zein leunarekin topo egiten dugu: “Nik 
ezagutzen zaitut eta badakit ez zarela horrelakoa; fase bat da” edota 
“bide horretatik ez zara zoriontsu izango” edota “ez esan ezer 
aitite-amamari, sekulako nahigabea eragingo diezu eta”.
 Inkestek diote Espainiako Estatua munduan sexu aniztasunarekiko 
toleranteena den herria dela. Hala bada, zergatik ez dugu ia erreferente
 LGTBrik? Zergatik ez dago lesbiana dela ezkutatzen ez duen aktore, 
politikari edo musikaririk? Eta lesbofobiaren kontra aktibismoa egiten 
duen pertsonaia ospetsurik? Zuzentasun politikoaren gizartean bizi gara,
 ez sexu askatasunaren gizartean. “Lagun homosexual asko ditut eta 
Chueca-n (Madrilgo auzoa) parranda egitea gustuko dut” jarreraren 
gizartean. “Aizu, nik ez daukat arazorik homosexualekin, baina argi izan
 ni heterosexuala naizela”. Edota “ez dut nire bizitza pribatuari buruz 
azalpenik ematen”. Horregatik Euskal Herrian Ellen Page-ak behar ditugu,
 ez bakarrik erreferente lesbikoak izateko, gizarte honetan sexu 
aniztasunaren aldeko borroka aktiboaren beharra ulertzen duten 
pertsonaia publikoen laguntza izateko baizik.

