MARIAREN  eskuak ohituta daude azal zaharrak igurtzen. Zaintzen duen emakumeak  laurogei urte ditu eta laguntza behar du bainuontzian sartu eta bere  burua garbitzeko.
                       
Maria ohituta dago zaharren gorputz biluziak ikusten, ukitzen,  garbitzen… Gaur zaintzen duen emakumearen aurretik zaindu izan ditu  beste batzuk. Mariak ez du ikasketarik, baina inork baino gehiago daki  bizitzaz. Psikologia, medikuntza, giza-harremanak… alor asko menperatzen  ditu, titulurik ez badu ere. Jakintsua da. Ondo daki zer den bizitza.  Bukatzen ari diren bizitzekin harremana izateak asko irakatsi dio.  
                       
Garbiñeren eskuak ohituta daude umeen ipurdi zikinak  garbitzen. Etxe askotan egin du lan haurrak zaintzen. Bere eskuek  ipurdiak garbitzeaz gain, badakite laztan egiten, umeen minak abesti  goxoekin baretzen, haientzako barazki purea prestatzen. 
                       
Garbiñek kazetaritza ikasketak egin zituen baina ez du lanik  aurkitu kazetari moduan. Lagun batzuen lagunen seme-alabak zaintzen hasi  zen duela hamar urte eta ordutik ez du beste lanik egin. Aita eta ama  kanpoan lanean dituzten haur txikien ardura hartzen du ofizialki  existitzen ez den soldata kaxkar baten truke. 
                       
Sagrarioren eskuak ohituta daude berakatza zuritzen, kipula  mozten, arropak lisatzen, erosketak egiten. Duela hogeita hamabost urte  ezkondu zenetik egunero egiten dituen lanak dira. 
                       
Seme-alabak etxetik joan zitzaizkionean lasaiago bizitzeko  aukera zuela ikusi zuen, noizbehinka etxean lasai liburu bat irakurtzeko  plazerra zer den ere ikasi zuen, baina senarra jubilatu zitzaionean  lana bikoiztu egin zi-tzaion berriz. Betiko lanez gain, eguna zelan bete  ez dakien gizona animatzen saiatzen baita, psikologo profesional baten  trebetasuna erakutsiz. 
                       
Emakumeen eskuak dira María, Garbiñe eta Sagrariorenak eta  gure gizarteari eusten diote, haren oinarri dira, nahiz eta ikusezinak  izan. Nahiz eta herri baten aberastasuna zenbatzean kontuan hartzen ez  diren.